AI LAKET!!

09 mar

BURUNDANGA: ERREALITATE EDO MITO


(Pdf) Burundanga, errealitate edo mito

Noizean behien, zoritxarrez maiztasun dexenterekin,  komunikabideetara salto egiten  duen sustantzia baten inguruan arituko gara: Burundanga. Droga honen inguruan asko esan eta idatzi da eta batez ere eraso sexualei edo “sumisio kimikoari” lotu zaio bere erabilera.

Badakigu egun komunikabideek duten indarra eta kasu batzuetan drogekin gertatzen dena da iturri batzuek helarazten dituzten mezuak alarmismora eta sentsazionalismora jotzen dutela, 2 gauza lortuz: alde batetik, biolentzian eta eraso sexualetan fokoa jarri beharrean, agian tartean egon den droga batean fokoa jartzen dutela; eta beste alde batetik, zabaltzen duten informazioa ezagupenean eta datu zientifiko eta objetiktiboetan oinarritu beharrean, mitoetan oinarritutzen dela.

Gauzak horrela izanik, egun burundangaren inguruan alarmismo handia piztu da, baina zer diote datuek? Justifikatua al dago hainbeteko fama droga baten inguruan?

Ai Laket!!etik komunikabideei ardura eskatzen diegu drogen inguruan hitzegiterakoan, izan ere desinformazioak eta beldurrak ez du hezitzen eta prebentzioari mesede gutxi egin diezaioeki. Horregaitik Burundangaren inguruan zabaldu diren informazioak aztertuko ditugu eta ebidentzia zientifikoarekin kontrastatu.

Horretarako hainbat adituren artikulu eta elkarrizketara jo dut, besteak beste, Koldo Callado (EHU-ko Famarkazia irakaslea); Fernando Caudevilla (Medikua, kalamu, kokaina eta sintesi drogen aditua eta Energy Control kolektiboko kidea), Inés Gimezen-en hausnarketak (Pikara Magazine-ko kazetaria), Justo Giner (Oviedoko Unibertsitateko Kimika doktorea).

Hasteko garrantzitsua da Burundagaz hitzegiten ari garenean zertaz ari garen jakitea. Burundanga hitzaren jatorria Kolonbian kokatzen da, bertan Eskopolamina sustantziari horrela deitzen diote kalean.

Eskopolaminaren edo burundangaren inguruan hainbat ideia zabaldu dira, batzuek mitoak:

1. Sustantzia berria dela. Eskopolamina ez da sustantzia berria eta bere efektu toxikoak hainbat manualetan dokumentatutak daude, izan ere, medikuntzan 500 urte baino gehiagoko erabilera izan du. Garai batean medikuntzan erabilia izan da, mareoak ekiditeko botiketan edo oftanmologoek ere erabili izan dute begi nini dilatatzeko. Baina egun sustantzia honen erabilera medikuntzan oso eskasa da, izan ere, efektu hauek lortzeko badira bestelako sustantzia seguruagoak.

2. Anmesia eragiten duela eta borondatea ezabatzen duela. Dokumentatua dagoen sustantzia bat den heinean bere efektuen inguruko informazio zientifikoa aurkitu dezakegu. Betiere gogoratu, droga baten efektuez hitz egiterakoan faktore asko kontuan kontuan hartu behar ditugula: hartzen duen pertsona eta bere ezaugarri fisiko eta psikologikoak; hartzen den modua, kantitatea, inguruan, beste sustantziaren batekin batera hartu den, e.a. Eskopolamina nerbio sistema zentralaren depresorea da eta memorian alterazioak eragin ditzakela egiaztatu da, adibidez, amensia. Honelako efektuak bestelako sustantzia depresoreekin ere pairatu daitezke, oso hurrutira joan gabe alkoholarekin adibidez. Dokumentatuak dauden bestelako efektuak dira: begi ninia dilatatzea, ahoa lehortzea, irensteko zailtasunak izatea, borroso ikustea, sukar altua izatea, arritmia, arnasteko zailtasunak izatea edo takikardia, besteak beste.

Borondatea ezabatzeko gaitasunari dagokionez berriz, ez dago dokumentu zientifikorik baieztatzen duenik. Sumisio kimikoaren ideia edo borondatea ezabatzearena oso ideia interesgarria da gizakiarentzat eta ez pentsa oharkabean pasatu denik. XX. Mendean Inteligentzia Zerbitzuentzat obsesio bat izan zen “egiaren sueroa” bilatzea eta froga ugari egin zituzten galdeketetan. EEUU-etan adibidez eskopolamina eta beste hainbat sustantzia (DMT, MDA, benzodiazepinak, e.a. ) erabili zituzten nahi zuten informazioa ateratzeko baina emaitzak ez ziren esperotakoak izan, ez baizuten bilatzen zuten efektua lortu. Eskopolaminarekin konkretuki gainera azaltzen ziren efektuak ez ziren batere baliagarriak etsailei informazioa ateratzeko, buruko minak, aluzinazioak edo ahoa gehiegi lehortzea lortzen baitzuten.

Beraz, ikerkuntza zientifikoaren arabera ez da egia eskopolaminak borondatea ezabatzen duenik. Adituen arabera, egia da bere kontsumoak juizio kritikoa gutxitu dezakeela edo kontrola galtzearen sentzazioa eragin dezakeela, baina hau ez da eskopolaminaren ezaugarri berezi bat, alkohola, GBH edo benzodiazepina bezalako sustantzia depresoreekin ere gertatzen baita.

 

3. Sustantzia honen efektuak berealakoak dira eta oso erraza da administratzea. Burundangaren efektuak ez dira bapatekoak, hartu eta 15 minutuetara hasten dira efektuak.Gainera pertsona batetik bestera aldea egongo da. Agian norbaitek pentsatuko zuen putz egiten dizutela eta beherala eragina izango duela eta ez da horrela. Bere administrazioa ez da hain erraza, kontuan hartu behar dugu, sustantzia honen segurtasun margina txikia da, segurtasun margina, dosi aktiboaren eta dosi mortalaren arteko tarteari deitzen zaio. Ez da manejatzeko sustantzia errez bat, dosi aktiboaren eta sobredosiaren artean ez baitago alde handirik eta beraz dosia gaindituz gero kontsumoa mortala izan daiteke.

4. Sustantzia hau analisietan detektatzea ez da posible, gorputzak oso azkar ezabatzen baitu. Egia da beste sustantzia batzuekin alderatuz, denbora gutxiz detektatu daitekela, baina kimikoen arabera odolean ondorengo 6 orduetan antzeman daiteke eta gernuan 2 egunez. Zentzu honetan, interesgarria litzateke osasun zerbitzuek hausnarketa bat egitea eraso sexualak ematen direnean martxan jarri beharreko protokoloen inguruan, adibidez, analisi espezifikoen inguruan.

Bestaldetik, edonork sumisio quimikoa jaso badu, ez luke poliziarengana eta osasun zentroetara berandu joan behar, lehen bailehen joan beharko ginateke. Batzuetan ezjakintasuna, konfusioa edo ez onartzea nagusitzen da eta aukera bat galtzen da analisien bitartez edozein substantzia detektatzeko.

5, Sustantzia hau kalean dago, erasotzaileen eskura. Ezinezkoa da %100era kalean zer dabilen jakitea baina hainbat datuak pista batzuek eman diezaizkigute. Espainian kasu bakar batean baieztatu da. Lehengo urteko udaberrian gertatu zen eta gizon batek bere emazte ohia erasotzeko erabili zuen, ez zen eraso sexual bat izan. Lehen aldia da sustantzia honen presentzia baieztatzen dela eta adituen arabera kasu puntual bat litzateke.

Eskuragarritasunari dagokionez, esan behar da, Espainiako barne-arazoetako ministerioak kapitulu bat eskaintzen dio poliziak detektatutako sustantziei. 2003 eta 2013 urte bitarteko txostenetan ez da behin ere azaltzen eskopolamina espainiar estatuan aurkitu denik. Drogen analisiak burutzen ditugun kolektiboek ere ez dugu halakorik aurkitu. Ai Laket!!en konkretuki 2002. urtetik daramagu erabiltzaileen eskutik laginak jasotzen eta ez dugu sustantzia hau inoiz aurkitu.

Datu hauek jakinda ez da erraza ulertzea zergaitik eman zaion honenbesteko fama sustantzia honi. Eraso bat ematen denean, erasoan arreta jarri beharrean albistea burundangan zentratzen denean, drogen inguruko politika prohibizionistak bilatzen duen beldurra eta estigma soziala zabaltzen da, erosen atzean dagoen arazo estrukturalean arreta jarri beharrean. Berriro ere emakumeoi ezartzen digute erasoak ekiditeko ardura, batzuetan zeharka eta besteetan zuzenean, arruntak baitira “kontuz zer hartzen duzun” edo “kontua izan zure edariarekin” eta honelako mezuak.

Gainera, gure inguruan badaude bestelako sustantzia eskuragarriagoak euren presentzia eraso sexualetan egiaztatuta daudena hainbat ikerketen arabera.  Londresen esate baerako, 2000 eta 2003 urte artean Zerbitzu Forense Zientifikoak 1014 eraso sexual aztertu zituen eta %48an akohola tartean zegoela baieztatu zuten, kasuen %2an bestelako droga sedanteak aurkitu zituzten.

Espainian, Noctambulus-ek argitaratutako 2014/2015 txosteneandatu interesgarriak aurkitu ditzakegu honen arira. Noctambulus aisialdi textuinguruetan ematen diren eraso sexualen eta drogen erabileren arteko loturak aztertzen dituen behatokia da.

Alde batetik, azkeneko hamarkadan  Europa osoan gaueko aisialdi testuinguruetan biolentzia sexuala eta drogen kontsumoak hartu duen garrantzia aipatzen du. Txostenaren arabera, testuinguru honetan ematen diren eraso gehienak ez dira aurretik planifikatuak, eraso gehienen patroiak oportunistak dira, hau da, erasoa modu boluntarioan kontsumitu ostean pertsona baten egoeraz aprobetxaturik ematen dira. Gainera azpimarratzen du kasu gehienetan tartean dagoen sustantzia alkohola dela.

Bestalde, txostenak salatzen du, “sumisio kimikoaren” inguruan sortu den alarmak ardura kontsumitu duen erasotuan jartzen duela, erasotzaileen jarrerari ardura kenduz. Azpimarratzen du biolentzia sexual honen sustraia sexismoan eta kultura matxistan dagoela. Azken finean, drogek eskutatuta dagoen sexismoa azaleratzen dute. Drogen kontsumoak ez ditu gizonak erasotzaileak eta emakumeak biktimak bilakatzen, bestela zergaitik ez dira honelako jarrerak emakume kontsumitzaileetan ematen?  Baina honelako mezuek ardura drogetan jartzen dute eta sinestarazten digute droga kontsumorik egon ezean, ez liratekeela honelako erasoak emango.

Gaueko aisialdi guneeak espazio sexistak izaten jarraitzen dute, nahiz eta emakumeok gizonek adina kontsumitu edo gure presentzia gero eta handiagoa den, izan ere, emakumeok ditugun arriskuak erabat ezberdinak dira. Zentzu honetan, Nonctambulusek zalatzen du prebentzio kanpainak gehienak emakumeoi zuzenduak daudela, egiten duguna eta gure jarrerak kontrolatzera eta mugatzera zuzenduta, eta urgentea dela diskurtso prebentibo hauek mutilei zuzentzea, jarrera eta portaera sexistetan arreta jarriz. Zergaitik jartzen dugu sarritan arreta gehiago biktimak izan diren emakume batzuen kontsumoak edo portaerak epaitzean, eta ez guztiz toleraezinak diren jarrera eta pertsonen borondatearen kontra doazen portaerak edo jarrerak epaitzera? Zergatik gizarteak gehiago zentsuratzen du drogak kontsumitu ostean kontrola galdu edo desinibizio momentu batean dagoen emakumea eta ez du zentsura berdina aplikatzen piropo desatsegin, begirada lizun edo ukipen baten aurrean? Zergatik drogen kontsumoa bilakatu daiteke gizonentzat aitzakia eta emakumeontzat erantzukizuna?

Ezinbestekoa da gaia arduraz jorratzea eta zabaltzen ditugun mezuetan eta bultzatzen ditugun jarreretan arreta jartzea.

Erreferentzia bibliografikoa:

https://broadly.vice.com/es/article/burundanga-droga-sumision-quimica

http://www.pikaramagazine.com/2016/12/violencia-sexual-drogas-burundanga/

http://www.lasdrogas.info/opiniones/410/el-mito-de-la-burundanga.html

http://www.cannabis.es/web/component/content/article?id=224:burundanga

http://www.deia.com/2017/01/31/opinion/tribuna-abierta/me-han-echado-burundanga-en-la-bebida

http://www.deia.com/2017/01/29/bizkaia/si-pudiera-controlar-la-voluntad-seria-usada-por-las-agencias-de-inteligencia

No hay comentarios

Aún no hay comentarios.

Dejar un comentario

euskera

Licencia Creative Commons

Ai Laket!! por Asociación Ai Laket!! Euskadi Elkartea se encuentra bajo una Licencia Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported. Basada en una obra en www.ailaket.com